XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nola sutokien banaketak hala geldikin arkeologiko eta paleontologikoen datuek, aztarnategiko banaketa horizontalaren erreferentzia garbiak suposarazten dituzte.

Fauna-geldikinak, neurri handikoak batez ere, haitzuloko hegoaldean txokoratuak izan dira; zonalde hau bizitzeko tokirik okerrena da, sapaia maldan erortzen bait da.

Erdialdean, sutokiak eta kimo edo erreketa-arrastoak agertzen dira, hauen inguruan geldikin arkeologikoak banatzen direlarik.

Ekinaldi honetan 30etik 38ra bitarteko geruzak jaso dira.

Sutokiak (eskuharki erreketa-zonalde finkoak soilik) eta geldikinen banaketa espaziala (berez haitzuloaren antolaera bat erakusten duena) dira gutxi gorabehera antolatuak dauden habitat-egitura bakarrak.

Aurkitutako ostilamenduei dagokienez, harrizko tresnagintzak, ijelki eta ijelkitxo ukituen nagusigoa eta nukleo eta taila-hondakinen gehitzea isladatzen ditu.

Honek eta jogailu bat azaltzeak suharri-lanketaren zati bat aztarnategian bertan egin ahal izan zela erakusten dute.

Ezaugarri geometriko baten nagusigoaren barnean, geometriko eta mikrozulakaitzen gutxitzea nabaritu dugu.

Horzkatuak aldiz, gero eta garrantzitsuagoak dira.

Fauna aztertzen ari da, hala ere baso eta harkaitz-espezieak (oreina eta ahuntza hurrenez-hurren) badaudela antzeman daiteke, helix nemoralisen agerpen urriarekin batera.

Apaindura pertsonala maskor zulatuez eginiko zintzilikarioetan oinarritzen da (Columbellae batikbat).

Okre-arrastoak ere azaltzen dira.

Ekinaldi honetako erradiokarbonoko laginak New Jerseyko laborategietara bidaliak izan dira datatzeko eta une egokian ingurunearen ikerketarako laginak hartzea aurrikusten da.

Abuztuko uholdeen ondoren aztarnategira eginiko ikustaldi batetan, ustez aztarnategiaren oinaldea zena urak eramana izan zela eta, industeko gelditzen denak 240 zmko sakona suposatzen duela egiaztatu ahal izan zen.

Jalkin honen azterketa hurrengo ekinaldietan egingo da.